April 2, 2008

goizeko 11.49

Lan batzuk eginak, beste batzuk egiteke… arratsaldean eskolara joan beharra (bai unibertsitatea = eskola)

baina gaur blogean idazteko tartetxo bat hartu dut. Ea berriz ere martxa hartzen diodan.

ba gaur galdera batekin natorkizue: internet?

Badakit egunero erabiltzen duzuela, baina zertarako? ba al dakizue zein handia den internet??? nik beti esaten diot nire ahizpari, internet ez dela messengerra eta fotologa bakarrik, beste gauza mordo bat dituela; baina… kasurik ez.

Eta beno, hementxe jarriko ditut adibide batzuk, interneten zer egin ez dakizuenerako!!!

  • Ba al dakizue photoshop erabiltzen. Badakizue, irudien ediziorako hainbeste jendek erabiltzen duen programa hori. Ba probatzeko aukera eskeintzen duten express bertsio batean. Photoshop Online. Klikatu eta probatu, zer iruditzen?
  • Eta internetez telefonoz hitz egiteko aukera dagoela ba al zenekiten? hona hemen skype.
  • Beno eta interneten nabigatzeko oraindik ‘internet explorer’ erabiltzen al duzue? ba sartu Librezale.org web orrian eta deskargatu firefox euskaraz. Probatu, merezi du ta.
  • Eguneko berri interesgarriak zein diren jakin nahi duzula? ba zabaldu.com.
  • Edo blogetan idatzitako interesgarriena nahi duzue, euskaraz? ba… aurki.com

Beno… nahikoa propaganda egin diet hauei!

Interneten zer egin ez dakizuenean, hona hemen aukera batzuk. Esango didazue ea zer moduz!!!

ondo pasa  

 

March 19, 2008

Zerbeza gustatzen

Atala: ...

Ba kasu honetan berdin dio gustatu ala ez. Garagardo azokara joateko ez baita zerbeza edaten aditua izan behar. Lehenengo aldia zen niretzat Zarauzko garagardo azokaz gozatzen nuela. Han joan ginen 4 lagun, ondo pasatzeko intentzio osoarekin…ederki pasa genuen.


 

Afaritarako oilaskoa eta saltxitxak, kakahuete mordo bat eta zerbeza, noski.

Giroa paregabea, musika ere egokia. Hasieran Sorotan bele, Alaitz eta Maider eta beste hainbat… ondoren Garabi taldea… Azokako lehenengo eguneko itxiera baino lehen, izugarrizko ‘musika patxanga’. Inork ikusi al zuen emakume bat mahai gainean dantzan? Kar-kar-kar.

January 31, 2008

Imajinatzen?

Atzo jaso nuen notizia eta oraindik txunditurik nago. Eskerrak otsailaren 5ean gertatuko dena, komunikabideetatik zabaldu duten, eta eguna iristerako Euskal Herri osoa prest egongo den. Ziur badakizuela zertaz ari naizen..

Betiko gaia da. ‘Imajinatzen’ Goenkale gabeko etb? edo Maria Luisa gabeko Goenkale?

Badirudi igande arratsaldeetan Goenkaleri buruz egiten ditugun komentarioak gidoigileetara iritsi direla! Komunikabideek argi azaldu dute, hil egingo da. Hileta jendetsua izango da, Arraldekoak minduta geldituko dira, eta herentziarekin arazoak sortuko dira…

Baina, benetan: imajinatzen Maria Luisa gabeko Goenkale? 

January 2, 2008

10 kanpaikadak

Abenduaren 31a iritsi zen, eta nola ez, 12 mahats ale platerean jarri eta denok kanpaikaden zain egoten gara. Ez dakit beste etxeetan nola izaten den, baina nirean bata besteari begira egoten gara, tranpa nork egingo duen begiratzeko (aurtengoan amona izan da tranpa gehiena egin duena…).

Telebista katea aukeratzerako orduan eztabaida gutxi izaten dugu aspaldian. Nahiz eta etxean egoten garen guztiok euskara ez ulertu, etb1 ikusteko ohitura hartu dugu. 

Dena primeran zihoan. Dagoeneko txanpain botila irekita geneukan, kopak prest, mahatsak ere bai (amonak dagoeneko 8 besterik ez zeuzkan), eta denok telebistari begira. Han azaldu ziren Alkain eta konpainia, eta San Mameseko irudiak, aurrez grabatutako programa atsegin bat… eta San Mames osoa "kuentratrasa"rekin ari zen, eta etxean ere halaxe ari ginen… 

Bat-batean, "kuentratrasa" zerora iritsi zenean, momentu batez telebistako pantaila beltza gelditu zen, eta ondoren etbko logoa azaldu zen, telebistako "mandoa" eskutan hartu eta derrepentean katez aldatu behar izan nuen… 10 mahats jan genituen kanpaikadekin batera….Etb ikusten jarraitu bagenu, 8 jango genituen. Hala esan zidaten behintzat.

Hitz batean "kagada", ezta???

Hurrengo urtean zenbat mahats jango ote ditugu…

Galtxagorriak (III)

Atala: Ipuinak

Galtxagorriekin gogoratu zen gure gizona. Hartu zuen zaldia, egin zuen, gau eta egun, Baionarainoko bidaia, eta erosi zuen berriro orraztegia.

Herrira heldu zenean, apustu ordua zen. Galtxagorriek ez zuten idiei akainak askatzeko betarik. Gainera, askatuta ere, idiek ahul segituko zuten.

Jendeak ez zeukan beste berriketarik:

- Begira idi horiei. Flakiak jota zeudek-eta!

- Ez diate atarramendu onik aterako!

- Utikan! Ez zegok kolorerik!

Epaileak hasiera eman zionean apustuari, gure gizonak idi baten adar zuloan gordetako orraztegia zabaldu zuen eta esan zien galtxagorriei:

- Gogoratzen al zarete nitaz?

-Horixe gogoratzen garela . Ea, gizona, zer egin behar dugu?

- Tira idietatik!

Eta bi galtxagorriek idi batetik, beste biek bigarrenetik tira eta tira, amen batean eraman zuten gurdia mendi gailurreraino. Kontrarioa, berriz, aldaparen hasieran zegoen artean eta, ikusi zuenean gure gizona mendi gailurrean, apustua galdutzat jo eta erretiratu egin zen.

Galtxagorriek esan zioten gure gizonari:

- Zer egin behar dugu orain?

Gure gizonak agindu zien akainak ken zitzaizkiela bi idiei.

Animaliak akainik gabe ziren handik oso gutxira.

- Eta zer egin behar dugu orain?

- Egizue eliza bat harri horiekin

- Aise beteko dugu lana.

Egin zuten galtxagorriek orain Santa Barbara deitzen diogun eliza eta galdetu zuten berriro:

- Eta zer egin behar dugu orain?

- Egizue su horko egur horiekin.

Egin zuten su.

- Bil ezazue zuhaitz horietako erretxina.

Bildu zuten erretxina.

- Egitzazue lau suziri.

Egin zituzten lau suziriak.

- Emaiozue orain su hor beheko itsas horri.

Galtxagorriak korrika bizian joan ziren itsasora beren suziriak hartuta eta itsasoari su ematen hasi orduko, suziriak itzali zitzaizkien. Egin zuten berriro ahalegina, baina alferrik. Etsita, esan zioten gure gizonari:

- Burutu ezin dugun zerbait bidali diguzu.

- Eta?

- Burutu ezin dugun lanarekin, erretiratu egiten gara.

- Ez al zoazte Baionara? -galdetu zien gure gizonak, ikusita ez zutela alde egiten lehendabiziko aldian bezala.

- Et,et,et! -esan zuen galtxagorrietako batek- Bi aldiz engainatzen gaituenak berarekin eduki behar gaitu, inor gure bila urrezko ontza ordainduz etorri arte. Baionako dendariak bi aldiz engainatu gintuen eta oso pozik dago orain gu gabe eta urrezko bi ontzen jabe gelditu delako.

- Beste erremediorik ez baldin badago…

Gure gizonak gorde zituen lau galtxagorriak orraztegian, baina urtetan ez zen inor azaldu haien eske.

Oso gaixo eta oso zahartuta zegoen, baina ez zen sekula hiltzen. Jendea harri-harri eginda zegoen, inork ez baitzuen gure gizona bezain pertsona zaharrik ezagutzen.

- Zenbat urte ditu? Ehun?

- Ehun bakarrik? Hanka bakoitzean ere badizkik horrek ehun urte…

Herriko erretorea ere harriturik zegoen eta bisitan joan zitzaion egun batez. Han zegoen gure gizona, zimeldua, zimurtua, konkortua eta gasta-gasta eginda, ohean. Urteak zeramatzan, ordea, horrela, eta hil zorian zirudien arren, ez zen sekula hiltzen.

Gure gizonak eztula egin zuen halako batez, bizkarra jasoz. Erretoreak zorro txiki bat ikusi zuen burusi pean.Erretoreak pentsatu zuen: ”Eta galtxagorriak baldin badauzka hor ?” Erretoreak bazekien galtxagorrien jabe zena ez zela sekula hiltzen, galtxagorrien jabetza galdu arte.

Poltsan galtxagorriak gordeta ote zeuzkan pentsatuta, inguratu zen eta, gure gizonaren oharkabean, poltsatxoa atera zuen burusipetik; zabaldu zuen poltsa, atera zuen orraztegia bertatik; zabaldu zuen orraztegia eta atera zituen lau galtxagorriak bertatik eta sutara bota zituen, ur bedeinkatuarekin busti eta esanez:

Kirieleison,

erre bitez lau gizon.

Sekulako txinpartak atera zituen tximiniako suak, azufrearen kiratsa zabaldu zen gela osora, sekulako irrintzi eta arrantzak entzun ziren, hark-eta piskanaka-piskanaka txinpartak, usaina eta orroak desegin ziren arte.

Orduan, gure gizonak azken arnasa hartu zuen, aitaren egin eta esanez:

Ave Maria,

ireki zeruko atia.

 

December 30, 2007

Galtxagorriak (II)

Atala: Ipuinak

Bueltatu zen gure gizona Zarautza eta galtxagorrien abileziak frogatzen hasi zen. Zabaldu zuen orraztegia eta lau gizon txiki-txiki irten ziren bertatik, galtza gorriz jantzita eta, atzera-aurrera urdurian, lanerako gogoa erakutsiz:


- Ea, gizona, zer egin behar dugu?


Hondartza erakutsi zien gure gizonak eta esan:


- Ea, zelaia nahi diat hor.


Galtxagorriek goldatu zuten hondartza, erein zuten bertan hazia, ureztatu zuten sail osoa behin eta berriro, eta laster hazi zen belarra gaur golf-a ezagutzen dugun inguruan.


Pozik zegoen gure gizona, pentsatuz: “Zelaia eder askoaren jabe egin nauk! ”

Gure gizona konturatzerako, galtxagorriek lana bukatua zuten eta lan gehiago eskatzen hasi ziren:


- Ea, gizona,zer egin behar dugu orain?


Ibaia ertzeko sasiak garbi zitzatela eta kainaberadia alda zezatela agindu zien.

Baita laster asko sasiak garbitu eta kainaberadia aldatu ere! Gure gizona gero eta gustorago zegoen: “Zelaian lekak aldatuko dizkiat eta, gora eta gora doazenean, kainaberez baliatuko nauk lekei zut-zutik eusteko! ”


Laster ziren galtxagorriak berriro gure gizonaren aurrean:


- Zer egin behar diagu orain?


Gure gizonak harriak pila zitzatela agindu zien, hormak jaso, teilatu egin, putzu bat zabaldu, itsasoko olatuek zekartzaten enborrak txikitu eta negurako egurra pilatu, pasadako usoak hil eta afaria prestatu, orbela bildu eta ohea egin…

Eguna bukatu orduko, gure gizona hazienda eder baten jabe zen.


- Ea, gizona, zer egin behar dugu orain? Zer egin behar dugu orain?


Gure gizonak, ordea, ez zekien zer eskatu, ez zekien zer agindu, ez zitzaion lan berririk bururatzen, eta bururatzen zitzaionean ere, berehala betetzen zuten galtxagorriek beren lana, eta han zeuzkan berriro sudurraren aurrez aurre, galdetuz:


- Ea, gizona, zer egin behar dugu orain? Zer egin behar dugu orain?


Halako batean, gizonari ez zitzaiola ezer berririk bururatzen ikusita, galtxagorriak gauza guztiak atzetik aurrera egiten hasi ziren: orbela sakabanatu eta ohea desegin zuten; plateretik uso hilak airera bota eta hegan jarri zituzten; egur puskak elkarrengana josiz enborrak osatu eta itsasora jaurti zituzten; putzua hondarrez bete zuten; teilatua desegin zuten; hormak birrindu zituzten eta harriak sakabanatu harraldean; kainaberak kendu eta sasia berritu; ereindako hazi guztia jaso eta hondartza lehen bezain basamortu utzi…


Gizonak, bere onetatik aterata, dei egin zien galtxagorriei:


-Et, Et, Ekar iezadazue itsasoko ura hemen!

Eta galbahe bana eman zien. Galtxagorriek ahalegin guztiak egin zituzten, baina galbahe-sareko zuloetatik isurtzen zitzaien ura eta, handik puskatera, ikusita lan hura ezin zutela burutu, esan zioten gure gizonari:


-Burutu ezin dugun zerbait bidali diguzu. Beraz, hemendik bagoaz.


Hori esanda, desagertu egin ziren eta gure gizonak pentsatu zuen hobe zela

bizitza osoa zorte txarrarekin pasatzea, beti aginduak eman jardutea baino.

Lasai gelditu zen, beraz, gure gizona.


Pasa ziren urteak, eta gure gizona, aberastu ez bazen ere, trankil bizi zen, ondasun gutxi batzurekin eta, batez ere, indartsu sona zuten bi idiren jabe.

Behin, auzoko gizon bat, idi pare eder baten jabea hura ere, erronkan etorri zitzaion:


- Harro habil hire idi pare eder hori bezalakorik ez dagoela esanez.


- Ez zegok, eta ezta egongo ere-erantzun zion gure gizonak, bazekien-eta bere idiak indartsuagoak zirela auzokoarenak baino.


- Egin dezagun apustu noren idiak diren indartsuenak…


- Nahi duanean eta nahi duan bezala.

 

- Harriz betetako gurdikada bana igo behar diagu Alla-Punta gaineko mendi tontorrera.


Urrezko bost ontzen apustua egin zuten. Gure gizonak ez zeuzkan urrezko bost ontza, pare bat baizik, baina seguru zegoen irabaziko zuela. Erabaki zituzten eguna eta ordua, erabaki zuten nork pisatuko zituen harriak bi gurdiek zama bera izan zezaten, eta apustu egunaren zain gelditu zen gure gizona, belar hoberenetik jana emanez bere idiei.


Goiz batez, ordea, ahul ikusi zituen bi idiak. Begiratu zien, aztertu zituen, eta, halako batean, ohartu zen gertatzen zitzaienaz: akainak zeuzkaten gorputz osoan, akainak bularrean, akainak zango eta zango-zuztarretan, idien odoletik zupa eta zupa. Akain haiek ahulduta eta erkinduta zeuzkaten idiak.


Bazekiat nor izan den! Baina ez zeukat frogarik…”, pentsatu zuen gizonak, sinetsita apustulariak kutsatu zizkiela akainak bere bi idiei.


Gure gizonak bazekien akainen kontrako erremedioa: ikatz bat sutan gori-gori eta harekin igurtziz askatzen ziren akainak idi larrutik. Baina sekulako akain pila ziren haiek eta pazientzia guztia izanda ere, ez zuen lortuko lana onik burutzea. Gainera, onik burututa ere, gorputz osoa erreko zien idiei eta erremedioa gerta zitekeen gaitza bera baino okerrago.

December 26, 2007

Galtxagorriak (I)

Atala: Ipuinak

Behin gosea bera baino gizon behartsuago bat bizi omen zen Zarautzen. Zortea ere ez zeukan handia bizitzan: mahastia jarri zuen behin Santa Barbarako maldetan, baina sekulako harria egin zuen mahatsa, lerden- lerdena eta biltzeko tenorean zegoena, hondatuz; erosi zuen txalupa bat, pintatu zuen gorriz, irten zen txibitara eta, gutxien espero zuenean, galarrenak hondoratu zion ontzia eta gure gizonak ozta-ozta lortu zuen, hondartzaraino igerian egin, eta onik libratzea:; inork ez zuen harekin ezkondu nahi, inor ez zen harekin irteten txikiteora, inork ez zion lanik eman nahi, denek aho batez esaten baitzuten:

- Gizon horrekin,gureak egin dik!

Gure gizonak ez zekien zer egin. Etsi-etsita zegoen, bakarrik, goseak jota eta lanik gabe. Behin, atzera-aurrera zebilela zer egin behar ote zuen pentsatuz, Gurmendi baserriaren inguruko txabola baten atari parera heldu zen. Eguerdi eguzkitsua zen arren, saguzar bat zegoen ate aurreko makila batetik zintzilik.

Amak txikitan esaten zionaz oroitu zen gure gizona:

- Kontuz, gero, sorginekin!

- Eta nola konturatuko naiz nor den sorgina?

- Haren etxeko atean beti ikusiko dut saguzarren bat ohizko usoen edo

oiloen ordez.

- Eta zer kalte egiten dute sorginek?

- Kalte… Kalte… Engainatu egiten haute horiek. Hasieran ondo portatzen

dituk baina gero…

Gure gizonak pentsatu zuen bere kabutarako: “Etxe horretako sorgina hasieran ondo portatzen bada, zer axola niri gero zer gertatuko zaidan? Nik ez dut sekula izan hasiera onik; hasiera eta akabera, denak izan ditut nik txarrak. Proba dezadan, bada, hasiera oneko zerbait.”

Eta atean jo zuen oldartsu.

Atso zahar bat irten zitzaion atera, atariko saguzarra bera baino zimurragoa.

- Hauek al dira orduak?

- Barkatu, baina, zera eskatu nahi nizun…

Gure gizonak bere kezkak azaldu zizkion. Triste bizi zela eta zer egin behar ote zuen zorte txarra aldatzeko.

Sorginak esan zion:

- Zoaz Baionara. Han, denda oso berezi batean, eska ezazu orraztegi bat, lau galtxagorri dituena. Horrek bizitza aldatuko dizu.

- Nola jakingo dut zein den nik behar dudan denda?

Sorginak bere azazkal luze-luzeko hatzarekin saguzarra seinalatu zuen:

- Ez da halako asko ibiliko Baionako denda aurretan.

Joan zen bada gure gizona Baionara, ibili zen kaleetan atzera eta aurrera dendaren bila, eta etsita zegoenean Baionan ez zegoela sorginak esan bezalako dendarik, jo zuten eguerdiko hamabiak katedraleko kanpandorrean eta, kanpai hotsak esnatuta edo, irten zen saguzar bat, kurrixka bizian, hormako zulo zaharreko denda zahar-zahar baten aurreraino heldu zen. Han zegoen saguzarra, ateko txilinetik zintzilik.

Txilina jo, ez jo egon zen gure gizona, ez baitzuen saguzarra esnatu nahi. Jo zuen, bada, klas-klas ateko kristalean, jo zuen kas-kas atean, baina inork erantzuten ez zionez, tira zion txirrinaren sokari eta txirrinak dilin-dalin egin beharrean, saguzarrak kratak-kartak egin zuen. Eta lo segitu zuen.

Oso denbora gutxira dendari konkortu bat agertu zen atean, betaurrekoak sudur-zubiraino jaitsiak zituena eta gorputz osoa makulu baten laguntzara alderatuta.

- Hauek al dira orduak?

- Barkatu,baina, zera eskatu nahi nizun…

- Tira, mugitu zaitez!

Gure gizonak orraztegi bat eskatu zion eta, gizonak erakutsi zizkion guztien artean, lau galtxagorri zituen bat gustatu zitzaion gehiena.

- Urrezko dukat bat kostatuko zaik. Ba al daukak urrezko dukatik?

Gizonak urrezko dukat bat luzatu zion, bere etxea salduz lortua.

Dendariak orraztegi bat eman zion, esanez:

- Lanean eta lanean eduki behar dituk galtxagorriak.

Ez daitezela sekula gelditu. Bestela, gorriak eta bi ikusi beharko dituk…

December 1, 2007

Margaritatxo berekoia

Atala: Ipuinak

"Margarita bat naiz, belazeko margaritatxoa", -pentsatzen zuen loreak -. "Beste guztien artean ezin dut nire edertasuna nabarmendu".

 

Aingeru batek, margaritatxoaren handiustea entzunik, honela esan zion:

- Zu oso ederra zara baina!

- A! bai baina, bakarra izatea nahiko nuke!

 

Aingeruak, hainbeste kexez gogaituta, hiri bateko enparantza zabalera eraman zuen.

Handik gutxira, alkatea hurbildu zen bertara lorezain batekin, toki haiek eraberritzeko eta txukuntzeko asmotan.

- Eeee! Itxaron pixka bat! -oihukatu zuen margaritatxoak -. Ni akabatzea pentsatzen duzue ala?

- Zu bezalako gehiago baleude sikiera, apainketa polita egin genezake -erantzun zion alkateak -. Baina ezinzekoa da inguru hauetan margaritarik aurkitzea, eta zeuk bakarrik ezin lorategia jantzi.

 

Eta hara! orduan bertan atera zuten lurretik margaritatxoa… 

______________________________________________________

Arantzazuko amaren egutekitik ateratako istorioa. 

zer pentsatua ematen du, ezta? 

November 24, 2007

Cola-cao poteari begira

Ea, egoera azaltzeko gai naizen.

 

Gosaldu berritan, sukaldeko mahai gainean "eskolako lanak" egiten jarri zara; beno, egiten ari zarela dirudi behintzat. Gosaritan jandako eta edandakoen hondakinak mahai gainean daude, eta distraitu egiten zara. Eta berehala, cola-cao poteari begira hasi, eta zeure burutaziotan murgildu zara. Hor ikusi duzu, zure betiko cola-cao potea, barruan daukana gastatu ahala, amak berriz ere betetzen duen potea. Bere pegatina guztiz hondatuta dago, kolorerik gabe; zaharra dago. Gogoratzen zeuk ere cola-caoaren zaporeaz gozatzen zenuen garaiaz? (urteak dira ez dudala probatu) Orain kafea hartzen dut, edo infusioren bat…

Eta zer aldatu da?

Atzo zahartzen ari ginela konturatu nintzen. Denok ari gara zahartzen etengabe. Atzo "orain dela 10 urte" esan nuen. Inpresioa egiten du. Gutxi gorabehera Cola-cao potearen garaiko gauzetan hitz egiten hasi ginen….

Eneee….

Eta garai bateko argazkietan pentsatzen dut, eta tarteka emailez iristen diren testuetan. Bertan beti kontatzen dute, amak erositako arroparekin jantzi behar genuela, eta marrazki bizidunak ikusten genituela… gainera, nori ez zaio gustatzen bere garaiko marrazki bizidunez hitz egitea? gogoratzen "boboboak" nortzu ziren? lasai, ni ere ez. Baina horrelako gauzez hitz egiten hasten garenean, beti dago norbait, gogoratzen dela "bobobo" delako horietaz.

 

besterik gabe, aspaldiko kontuak gogoratzen jarraituko dut. Tarteka, gustua ematen du, eta atsegin dut.

Ondo pasa larunbat euritsu hau. 

November 21, 2007

bada garaia

bai, ene irakurle maiteok. Bai bai, zuekin ari naiz, egunero sartzen zaretenokin, edo tarteka hemendik bixita bat egiten duzuenokin. Badakit tarteka pasatzen zaretela… informatikak aztikeriak egiteko aukerak ematen ditu!!!

baina lasai, orain ez naiz informatikaz hitz egiten hasiko (ezta idazten ere). Nahiko informatika eta informatikari daukat inguruan. Informatika ikasi, ikasitakoa praktikan jarri, ingurukoekin txiste informatikoak egin.. ufa nahikoa (eta batzutan gehiegi).

orain idazle bihurtu naizela dirudi. Ze, ez al duzue sinesten? aurrekoan sustatun artikulu bat idazteko ausardia izan nuen. Ezagutzen nautenek, esango dute bai, ea zer egiten dudan nik idazten… baina beno. Egindakoa eginda dago. Hori bai, badaezpada ere e-makumeak taldearen izenean sinatu nuen; zerbait gaizki badago, ez da nire errua! (kar-kar-kar)

Nik uste, zer kontatua dagoenean, idazteko arazorik ez dela egoten.

 

Eta hau kontatuta, bloga eguneratu dudala esan dezaket ozen eta argi; eta bide batez ‘e-makumeak’ webguneari propaganda egin diot!!! nahiz eta gauza askorik ez idatzi, edo ez esan (argi dago kontatzeko askorik ez dudala).

 

oraindik bloga bizirik dagoela, horixe da egia!

oraindik treneko bidaietan, gauza arraroak gertatzen zaizkit… agian berriz ere gai zabal hortan murgildu beharko dut.

 

ondo lo egin guztiok,

muxu bana zarauztik 






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Helga Cleve