December 23, 2006

Bidaiatu!!!

    Zenbati entzun diot, oporretan bidaiatu ‘beharra’ daukala… Kanpora ateratzeko beharra, herria utzi eta egun batzutan zehar beste bizimodu bat egitekoa. Beharra, nahia …

————————-

    Niri ere bidaiatzea gustatzen zait. Agian, Euskal Herritik kanpora gutxi ateratzen naizelako, gustoko dut egun batzutarako beste herriren batera joatea. Ez du inportik nora, leku lasaia bada, eta noski konpainia onean banoa.

————————-

    Bidaiatzea, diruaren menpe dagoela uste dugu. Zenbat eta diru gehiago, orduan eta bidai hobea egingo dugula! Urrutira joango garela!!! itsasontzian, edo hegazkinean…

   Baina merke bidaiatzeko moduak ere badaude; eta ez naiz ari ‘low cost’ delako hegaldiak antolatzen dituzten enpresa horietaz. Ilusiorik ez al daukazue? ez al duzue ametsetan bidaiatzen?

   Ametsetako bidaiak, ia beti atseginak izaten dira. Oraindik ‘Beakman‘ek esan zuena daukat buruan; gure buruan ametsak nola sortzen ziren azaldu zuen kapitulo batean. Gure subkontzienteak sortzen omen ditu ametsak, eta guk nahi ditugun modukoak direla. Zatiren bat ez bazaigu gustatzen, ezabatu egiten dugula. Subkontziente langilea dugula dirudi, nahiz eta ez dakidan azalpen hau oso zientifikoa den… Baina gaurkoan, gizon ‘ero’ honi kasu egiteko gogoz nabil. Nire ametsetako bidaiak zoragarriak direlako, eta merkeak, eta konpainia onekoak, eta itsasontziz, edo patinetez, edo hegan… baina zoragarriak! Beraz, lagunok, BIDAIATU!!!
 

December 19, 2006

Bereziak dira.

Atala: ...

    Zenbat aldiz gurutzatu ote naiz Gureak enpresan lan egiten dutenekin, Donostiara trenez egiten ditudan bidaietan. Eta zenbat aldiz gelditu ote naiz beraien jokabideei begira, bereziak izango balira bezala.

    Neure buruari esaten diot: "Itziar, ez dituzu desberdin begiratu behar!". Eta berriz ere, beste aldera begiratzen dut, edo nire inguruan dagoenarekin hizketan jarraitzen dut.

    Gaur ordea bestelakoa izan da. Oriora iristean, ni nengoen bagoia goraino bete da, jendea tente gelditu da, eta izugarrizko iskanbila sortu da. Nire ondoan neska bat eseri da, berezi hauetako bat, eta bere baldarkeriarekin esnatu egin nau. Begiratu diot, barkamena eskatu dit, eta nik lasai egoteko esan diot, ez dela ezer pasatzen. Eseri denean, ondoan, zutik, berarekin etorri den mutil bat jarri da. Neskak aurpegi tristea zeukan, eta bera konturatu egin da. Hor ibili da neskari laztanak egiten, zer gertatzen zitzaion galdezka… mutilak maitakor jarraitu du, nahiz eta neskak ez zion ezer esaten. Laztanak egiten eta bere maitasuna adierazten jarraitu du, beraien geltokira iritsi diren arte, nire geltoki bera.

    Eta trenetik atera gara, neskak bi mutil heldu ditu, bakoitza beso batetik, eta farrez joan dira hirurak. Alai zihoazen… gustoa ematen zuen…  

    Guk zenbat aldiz ikusi ote dugu gure lagun bat lur jota…zenbat aldiz esan diogu horrela ez doala inora… esateko zer duen…

    Pertsona ‘hoiek’ bereziak direla esaten dugunean, ez gabiltza gaizki. Bereziak dira.

 

blog

    Denbora da blog hitzaren esanahia google jaunari eskatu niola, eta ordundik gauzak asko aldatu dira. Ezagutzen nuen blog bakarra sustatu zen (orain gutxi 5 urte egin ditu gainera). Inork ez zekien zehazki zer zen blog bat! nik ere etxean oraindik azalpenak eman behar izaten ditu, zer diren, zer ez diren…

    Nork esango zidan niri, orain urte batzu, eguneko hainbat ordu ordenagailu aurrean pasako nituenik, eta internetekin bizitzera ohituko nintzenik. Egunero nire gustokoen diren blogetan post berririk dagoela begiratuko nuenik…eta zain geldituko nintzela irrikitan, blogariek zer kontatzen duten jakiteko izugarrizko gogoz…

    Bestalde, nork pentsatuko luke, nik blog bat idatziko nuenik, nire gauzak kontatuko nituenik… informatikari naiz, baina ez idazle…

    Ez al duzue pentsatzen, blogari ez zaretenok, ea zergatik idazten duen jendeak, beraien blogak sortzen dituzten, bitxikeriak kontatzen dituzten… nik ere ez dakit zerk bultzatzen duen pertsona bat hori egitera. Agian irakurleak dituztela jakiteak idazteko gogoa sortzen diete? ez?

    Galdera gehiegi goizeko ordu hauetarako….
 

December 13, 2006

lana egitea osasuna da!

    Hau esan zuena ixilik gelditu bazen…

    Osasuna dela diote, diogu. Zergatik? lanik ez daukagunean aspertu egiten omen gara. Baina gogoratzen zeinen ondo pasatzen genuen 15 urterekin udara osoa hondartzatik atera gabe? nork behar zuen lana?

    Eta lana daukagunean? eguna ordenagailu aurrean, bizkarreko minez, begietako minez… eta burua "exprimituta", pentsatzeko indarrik gabe.

    Eta pentsatzen jartzekoa da, lana daukagunean, lan gehiegi daukagulako kexatzen gara, hainbeste buruhauste ditugu…eta lanik gabe gaduenean, lana noiz izango zain gaude.

    Agian lana nahi dugunean, tamainan nahi dugu, ez gehiegi, ez gutxiegi. Tamañan. Gaurko leloa…"egin ezazu lan, baina tamañan" 

December 10, 2006

zubia = puente

Atala: ...

    Hallons nire irakurleoi!

    Zubiko azken eguna, eta ni hementxe nire ordenagailu aurrean lantxo batzuk aurreratu nahian. Aurreko egunetako utzikeriak, lan egitera behartu nau. Egiten duen eguraldi bikainarekin ni nire egongelan sartuta, leihotik ikusten dudan eguzki izpiekin konformatu beharko dut…

———————-

    Durangoko azokara bixitarik egin al duzue? lehengo urtean joan nintzen lehenengo aldiz, eta aurten errepikatu beharra izan dut. Ikaragarria da hura. Asko gustatu zitzaidan eta ezin aurten etxean gelditu. Hara joan eta diska batzuk erosi, herria ezagutu… egun polita pasa… Ederki ibili ginen.

 

———————-

    Eta bixitak aipatzen ari naizela, Muzki herria ezagutzeko aukera ere izan dut zubi honetan. Egia esan ez dakit zenbat biztanle izango dituen, baina benetan polita iruditu zitzaidan. Polita eta berezia, arraroa. Inoiz ikusi dudan frontoirik xelebreena zegoen bertan, errepidea pasatzen baita frontoi erditik. Ikaragarria. Eta hotza, hotz egiten zuen, haizea, eguzkia, eta lagungiro bikainean han ibili ginen gora eta behera. Puente la Reina eta Lizarra ere ezagutu genituen, eta ‘la fuente del vino’, eta,…. egun bikaina, bai.

———————-

   Oka jolasean zubia azaltzen den laukitxoan erortzen bagara, ‘tablero’ko hainbat laukitxo ikutu gabe bukatzen dugu jolasa. Bestalde, gure zubi hauek ez dira horiek bezalakoak; zubiko egunak gure oroitzapenetan gelditzen dira, eta hurrengo zubia noiz helduko den zain gelditzen gara, eta zubiak maite ditugu, eta gauza berriak, bereziak egiteko erabiltzen ditugu. Zer izango litzateke gure egutegia zubirik gabe?

 

December 6, 2006

zer da hau?

Atala: Zarautz

    Astelehenean Santa Barbara eguna. Ama eta biok bixita egitea pentsatu genuen… Santa Bargarara igo, argazki pare bat atera, kanpaia jo, amabirjinari bixita egin… norbaitek ba al daki zer itxura duen? ba gogoz gelditu ginen.

    Ermita itxita zegoen, kanpaiaren katea jasota zegoen, eta argazki kamerak kale egin zigun… Eskerrak eguraldia behintzat lagun izan genuen. Abenduaren 4a eta "jesukriston berua itezun".

    Hori bai, han goitik gure herri maitea polita ikusten da. Han goitik mendi zein itsaso ikus daiteke…

    Aurreko batean esan zuten bai, izugarrizko olatuak egongo zirela, ba ez zeuden makalak; malekoira ere igotzen ziren olatuak. Eta hain gertu daukaguna gozatzeari ekin genion amak eta biok. Zertaz kexa gaitezke ba? mendia nahi dugunean, mendia daukagu; itsasoa nahi dugunean, itsasoa daukagu. Goza dezagun inguruan daukagunaz!!!

  —————————–

    Google jaunari eskatu diot, mesedez, gure Santa Barbararen argazkitxo bat edo erakusteko. Hementxe marrazki bat:

 

    Gainera bere biografiarekin topo egin dut. Ba al zenekiten bere aitak dorre batean giltzaperatu zuela, bere kristautasuna ukatu nahi ezagatik? Hori dela eta aita tximista batek akabatu omen zuen. Horregatik, naiz eta nik jarri dudan marrazkian horrela ez izan, dorrea eta tximista bat azaltzen omen dira Barbararen ondoan.

    Gaur ere beste gauza bat ikasita joango gara ohera. jajaja 

December 4, 2006

gaur aurrera begiratuko duzu

Atala: ...

    Goizean goizetik musika jartzeko ohitura daukat, nire lan orduak pixka bat eramangarriagoak eta dibertigarriagoak egiten ditu… oraintxe Bebe-ren "Ella" abestia entzuten ari naiz; benetan polita, esanguratsua…bideoklipa ere bikaina nere uste apalean. 

    Enaiz kanta hau entzun duen bakarra izango ezta? bildurra oso ondo adierazten duela iruditzen zait, naiz eta bildur hori atzean uztearen eguna deskribatzen digun kantu bat den, aurretik pasa izandako bildurrak transmititzen dituela iruditzen zait: "Hoy vas a mirar palante", "hoy vas a descubrir que el mundo es solo para ti", "hoy vas a comprender que el miedo se puede romper con un sólo portazo"… Hitz gogorrak, baina aldi berean aurretiko bizitza atzean uztea lortu duen emakumezko baten indarra, sekulako indarra nolakoa izan den erakusten digun alaitasunez beteriko kantua.

   Nola liteke horrelako abesti batek hainbeste gauza trasmititzea, halako poza, aurretik pasatako tristuren sendabide dena.

   Kanta hau entzutean badirudi, erraza dela gure egun txarrak eta esperientzi txarrak atzean uztea, gure aurreko bizitza atzean utzi eta bide berri bati ekitea. Aurretik bizitako esperientzi txarrak gure bizitzatik kendu, gustatzen zaigunarekin bakarrik gelditu, eta aurrera begira bizi, inoiz atzera begiratu gabe, orainarte nahikoa sufritu dugulako, eta bizitzaz gozatzen ikasi, ingurukoekin eta ingurukoengatik bizi…

    Hala ere, jakinekoa da, gure egun txarrak eta antzerakoak atzean uztea ez dela dirudiena bezain erraza. Baina nik uste gaurkorako lelo polita izan daitekeela, Bebek dioena, gaur aurrera begiratuko duzula…
 

 

December 1, 2006

goizeko 9.30ak…

Atala: ...

    …eta ni blogean idazten. Askok pentsatuko du erdi erotuta nabilela.

 ————————————–

    Goizo jaikitzearen alde onetako bat da hau, gauzak egiteko gogoz jaiki naiz, agian gaur egun xelebrea daukadalako da, baina tira. Nire blogean bada denboralditxo bat, "post"ik idatzi ez dudala, eta honek ezin du horrela jarraitu. Igartzen da bai lanpetuta ibili naizela, ordenagailu aurrean orduak sartzen, eta oraindik ere halaxe nabil. Halere gaur blogean idazteko beta hartu dut.

————————————–

    Zertaz idatzi pentsatzen jartzeko astirik gabe hasi naiz hau idazten. Hitzak etorri bezala jartzen joateko (mekanografia menderatzearen alde on bat, ia pentsatu gabe idazten baitut). Azkenaldian nire burua gai baten inguruan oso "okupatua" dagoela esango dut. Amodioa? ez. Kezkaren bat? agian bai. Aste hontan gelaz gela ibili naiz, ikasleei nire karrera bukaerako proiektuan parte hartzeko eskatzen. Gezurra badirudi ere klase mordoxka bat pasa ditut, eta pare bat minututan nire kezka azaldu diet. Guztien laguntza behar dudala, arazo baten zergatiak edo kausak argitzeko.

   Eta orain doa azalpen txiki bat, badakizue, informatika eta neskak, neskak eta informatika… landu beharreko gaia. Ba hor nabil bueltaka hainbat saltsetan sartuta, gai honen inguruko eztabaidetan, web orritan… eta dena zertarako? gure fakultateko jendea eta beste hainbat lagun kontzientziatzeko. Halere badirudi, jendeari bost axola zaiola klasean neska bakarra edukitzea, ba omen daude gure fakultatean horrelako gauzak ikertzen ibiltzea baino gauza garrantzitsuagoak. Agian arrazoia izango du, baina norberak markatzen ditu lehentasunak, eta neretzat behintzat honek nolabaiteko garrantzia dauka.

   Halere, azkenaldian egindako lan guztiarekin, gai honi buruz sentsibilizatzea lortu dugula uste dut. Agian ez fakultate osoa, baina zer pentsarazi eman diegu batzuei behintzat. Badakit horrekin ez dela nahikoa izango, zergatiak bilatzeko, gure fakultateko emakume exkaxia, baina tira, gaiari buruzko reflexio bat egitera bultzatu badugu, gaitz erdi.

   Orain institutuetara zabaldu behar ditugu gure reflexio, grafika, iritzi, esperientzi…Ea zorterik dugun, eta erantzun onak jasotzen ditugun, gure lanaren frutu…

  






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Helga Cleve