December 19, 2006

Bereziak dira.

Atala: ...

    Zenbat aldiz gurutzatu ote naiz Gureak enpresan lan egiten dutenekin, Donostiara trenez egiten ditudan bidaietan. Eta zenbat aldiz gelditu ote naiz beraien jokabideei begira, bereziak izango balira bezala.

    Neure buruari esaten diot: "Itziar, ez dituzu desberdin begiratu behar!". Eta berriz ere, beste aldera begiratzen dut, edo nire inguruan dagoenarekin hizketan jarraitzen dut.

    Gaur ordea bestelakoa izan da. Oriora iristean, ni nengoen bagoia goraino bete da, jendea tente gelditu da, eta izugarrizko iskanbila sortu da. Nire ondoan neska bat eseri da, berezi hauetako bat, eta bere baldarkeriarekin esnatu egin nau. Begiratu diot, barkamena eskatu dit, eta nik lasai egoteko esan diot, ez dela ezer pasatzen. Eseri denean, ondoan, zutik, berarekin etorri den mutil bat jarri da. Neskak aurpegi tristea zeukan, eta bera konturatu egin da. Hor ibili da neskari laztanak egiten, zer gertatzen zitzaion galdezka… mutilak maitakor jarraitu du, nahiz eta neskak ez zion ezer esaten. Laztanak egiten eta bere maitasuna adierazten jarraitu du, beraien geltokira iritsi diren arte, nire geltoki bera.

    Eta trenetik atera gara, neskak bi mutil heldu ditu, bakoitza beso batetik, eta farrez joan dira hirurak. Alai zihoazen… gustoa ematen zuen…  

    Guk zenbat aldiz ikusi ote dugu gure lagun bat lur jota…zenbat aldiz esan diogu horrela ez doala inora… esateko zer duen…

    Pertsona ‘hoiek’ bereziak direla esaten dugunean, ez gabiltza gaizki. Bereziak dira.

 

blog

    Denbora da blog hitzaren esanahia google jaunari eskatu niola, eta ordundik gauzak asko aldatu dira. Ezagutzen nuen blog bakarra sustatu zen (orain gutxi 5 urte egin ditu gainera). Inork ez zekien zehazki zer zen blog bat! nik ere etxean oraindik azalpenak eman behar izaten ditu, zer diren, zer ez diren…

    Nork esango zidan niri, orain urte batzu, eguneko hainbat ordu ordenagailu aurrean pasako nituenik, eta internetekin bizitzera ohituko nintzenik. Egunero nire gustokoen diren blogetan post berririk dagoela begiratuko nuenik…eta zain geldituko nintzela irrikitan, blogariek zer kontatzen duten jakiteko izugarrizko gogoz…

    Bestalde, nork pentsatuko luke, nik blog bat idatziko nuenik, nire gauzak kontatuko nituenik… informatikari naiz, baina ez idazle…

    Ez al duzue pentsatzen, blogari ez zaretenok, ea zergatik idazten duen jendeak, beraien blogak sortzen dituzten, bitxikeriak kontatzen dituzten… nik ere ez dakit zerk bultzatzen duen pertsona bat hori egitera. Agian irakurleak dituztela jakiteak idazteko gogoa sortzen diete? ez?

    Galdera gehiegi goizeko ordu hauetarako….
 






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Helga Cleve