December 26, 2007

Galtxagorriak (I)

Atala: Ipuinak

Behin gosea bera baino gizon behartsuago bat bizi omen zen Zarautzen. Zortea ere ez zeukan handia bizitzan: mahastia jarri zuen behin Santa Barbarako maldetan, baina sekulako harria egin zuen mahatsa, lerden- lerdena eta biltzeko tenorean zegoena, hondatuz; erosi zuen txalupa bat, pintatu zuen gorriz, irten zen txibitara eta, gutxien espero zuenean, galarrenak hondoratu zion ontzia eta gure gizonak ozta-ozta lortu zuen, hondartzaraino igerian egin, eta onik libratzea:; inork ez zuen harekin ezkondu nahi, inor ez zen harekin irteten txikiteora, inork ez zion lanik eman nahi, denek aho batez esaten baitzuten:

- Gizon horrekin,gureak egin dik!

Gure gizonak ez zekien zer egin. Etsi-etsita zegoen, bakarrik, goseak jota eta lanik gabe. Behin, atzera-aurrera zebilela zer egin behar ote zuen pentsatuz, Gurmendi baserriaren inguruko txabola baten atari parera heldu zen. Eguerdi eguzkitsua zen arren, saguzar bat zegoen ate aurreko makila batetik zintzilik.

Amak txikitan esaten zionaz oroitu zen gure gizona:

- Kontuz, gero, sorginekin!

- Eta nola konturatuko naiz nor den sorgina?

- Haren etxeko atean beti ikusiko dut saguzarren bat ohizko usoen edo

oiloen ordez.

- Eta zer kalte egiten dute sorginek?

- Kalte… Kalte… Engainatu egiten haute horiek. Hasieran ondo portatzen

dituk baina gero…

Gure gizonak pentsatu zuen bere kabutarako: “Etxe horretako sorgina hasieran ondo portatzen bada, zer axola niri gero zer gertatuko zaidan? Nik ez dut sekula izan hasiera onik; hasiera eta akabera, denak izan ditut nik txarrak. Proba dezadan, bada, hasiera oneko zerbait.”

Eta atean jo zuen oldartsu.

Atso zahar bat irten zitzaion atera, atariko saguzarra bera baino zimurragoa.

- Hauek al dira orduak?

- Barkatu, baina, zera eskatu nahi nizun…

Gure gizonak bere kezkak azaldu zizkion. Triste bizi zela eta zer egin behar ote zuen zorte txarra aldatzeko.

Sorginak esan zion:

- Zoaz Baionara. Han, denda oso berezi batean, eska ezazu orraztegi bat, lau galtxagorri dituena. Horrek bizitza aldatuko dizu.

- Nola jakingo dut zein den nik behar dudan denda?

Sorginak bere azazkal luze-luzeko hatzarekin saguzarra seinalatu zuen:

- Ez da halako asko ibiliko Baionako denda aurretan.

Joan zen bada gure gizona Baionara, ibili zen kaleetan atzera eta aurrera dendaren bila, eta etsita zegoenean Baionan ez zegoela sorginak esan bezalako dendarik, jo zuten eguerdiko hamabiak katedraleko kanpandorrean eta, kanpai hotsak esnatuta edo, irten zen saguzar bat, kurrixka bizian, hormako zulo zaharreko denda zahar-zahar baten aurreraino heldu zen. Han zegoen saguzarra, ateko txilinetik zintzilik.

Txilina jo, ez jo egon zen gure gizona, ez baitzuen saguzarra esnatu nahi. Jo zuen, bada, klas-klas ateko kristalean, jo zuen kas-kas atean, baina inork erantzuten ez zionez, tira zion txirrinaren sokari eta txirrinak dilin-dalin egin beharrean, saguzarrak kratak-kartak egin zuen. Eta lo segitu zuen.

Oso denbora gutxira dendari konkortu bat agertu zen atean, betaurrekoak sudur-zubiraino jaitsiak zituena eta gorputz osoa makulu baten laguntzara alderatuta.

- Hauek al dira orduak?

- Barkatu,baina, zera eskatu nahi nizun…

- Tira, mugitu zaitez!

Gure gizonak orraztegi bat eskatu zion eta, gizonak erakutsi zizkion guztien artean, lau galtxagorri zituen bat gustatu zitzaion gehiena.

- Urrezko dukat bat kostatuko zaik. Ba al daukak urrezko dukatik?

Gizonak urrezko dukat bat luzatu zion, bere etxea salduz lortua.

Dendariak orraztegi bat eman zion, esanez:

- Lanean eta lanean eduki behar dituk galtxagorriak.

Ez daitezela sekula gelditu. Bestela, gorriak eta bi ikusi beharko dituk…






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Helga Cleve