December 30, 2007

Galtxagorriak (II)

Atala: Ipuinak

Bueltatu zen gure gizona Zarautza eta galtxagorrien abileziak frogatzen hasi zen. Zabaldu zuen orraztegia eta lau gizon txiki-txiki irten ziren bertatik, galtza gorriz jantzita eta, atzera-aurrera urdurian, lanerako gogoa erakutsiz:


- Ea, gizona, zer egin behar dugu?


Hondartza erakutsi zien gure gizonak eta esan:


- Ea, zelaia nahi diat hor.


Galtxagorriek goldatu zuten hondartza, erein zuten bertan hazia, ureztatu zuten sail osoa behin eta berriro, eta laster hazi zen belarra gaur golf-a ezagutzen dugun inguruan.


Pozik zegoen gure gizona, pentsatuz: “Zelaia eder askoaren jabe egin nauk! ”

Gure gizona konturatzerako, galtxagorriek lana bukatua zuten eta lan gehiago eskatzen hasi ziren:


- Ea, gizona,zer egin behar dugu orain?


Ibaia ertzeko sasiak garbi zitzatela eta kainaberadia alda zezatela agindu zien.

Baita laster asko sasiak garbitu eta kainaberadia aldatu ere! Gure gizona gero eta gustorago zegoen: “Zelaian lekak aldatuko dizkiat eta, gora eta gora doazenean, kainaberez baliatuko nauk lekei zut-zutik eusteko! ”


Laster ziren galtxagorriak berriro gure gizonaren aurrean:


- Zer egin behar diagu orain?


Gure gizonak harriak pila zitzatela agindu zien, hormak jaso, teilatu egin, putzu bat zabaldu, itsasoko olatuek zekartzaten enborrak txikitu eta negurako egurra pilatu, pasadako usoak hil eta afaria prestatu, orbela bildu eta ohea egin…

Eguna bukatu orduko, gure gizona hazienda eder baten jabe zen.


- Ea, gizona, zer egin behar dugu orain? Zer egin behar dugu orain?


Gure gizonak, ordea, ez zekien zer eskatu, ez zekien zer agindu, ez zitzaion lan berririk bururatzen, eta bururatzen zitzaionean ere, berehala betetzen zuten galtxagorriek beren lana, eta han zeuzkan berriro sudurraren aurrez aurre, galdetuz:


- Ea, gizona, zer egin behar dugu orain? Zer egin behar dugu orain?


Halako batean, gizonari ez zitzaiola ezer berririk bururatzen ikusita, galtxagorriak gauza guztiak atzetik aurrera egiten hasi ziren: orbela sakabanatu eta ohea desegin zuten; plateretik uso hilak airera bota eta hegan jarri zituzten; egur puskak elkarrengana josiz enborrak osatu eta itsasora jaurti zituzten; putzua hondarrez bete zuten; teilatua desegin zuten; hormak birrindu zituzten eta harriak sakabanatu harraldean; kainaberak kendu eta sasia berritu; ereindako hazi guztia jaso eta hondartza lehen bezain basamortu utzi…


Gizonak, bere onetatik aterata, dei egin zien galtxagorriei:


-Et, Et, Ekar iezadazue itsasoko ura hemen!

Eta galbahe bana eman zien. Galtxagorriek ahalegin guztiak egin zituzten, baina galbahe-sareko zuloetatik isurtzen zitzaien ura eta, handik puskatera, ikusita lan hura ezin zutela burutu, esan zioten gure gizonari:


-Burutu ezin dugun zerbait bidali diguzu. Beraz, hemendik bagoaz.


Hori esanda, desagertu egin ziren eta gure gizonak pentsatu zuen hobe zela

bizitza osoa zorte txarrarekin pasatzea, beti aginduak eman jardutea baino.

Lasai gelditu zen, beraz, gure gizona.


Pasa ziren urteak, eta gure gizona, aberastu ez bazen ere, trankil bizi zen, ondasun gutxi batzurekin eta, batez ere, indartsu sona zuten bi idiren jabe.

Behin, auzoko gizon bat, idi pare eder baten jabea hura ere, erronkan etorri zitzaion:


- Harro habil hire idi pare eder hori bezalakorik ez dagoela esanez.


- Ez zegok, eta ezta egongo ere-erantzun zion gure gizonak, bazekien-eta bere idiak indartsuagoak zirela auzokoarenak baino.


- Egin dezagun apustu noren idiak diren indartsuenak…


- Nahi duanean eta nahi duan bezala.

 

- Harriz betetako gurdikada bana igo behar diagu Alla-Punta gaineko mendi tontorrera.


Urrezko bost ontzen apustua egin zuten. Gure gizonak ez zeuzkan urrezko bost ontza, pare bat baizik, baina seguru zegoen irabaziko zuela. Erabaki zituzten eguna eta ordua, erabaki zuten nork pisatuko zituen harriak bi gurdiek zama bera izan zezaten, eta apustu egunaren zain gelditu zen gure gizona, belar hoberenetik jana emanez bere idiei.


Goiz batez, ordea, ahul ikusi zituen bi idiak. Begiratu zien, aztertu zituen, eta, halako batean, ohartu zen gertatzen zitzaienaz: akainak zeuzkaten gorputz osoan, akainak bularrean, akainak zango eta zango-zuztarretan, idien odoletik zupa eta zupa. Akain haiek ahulduta eta erkinduta zeuzkaten idiak.


Bazekiat nor izan den! Baina ez zeukat frogarik…”, pentsatu zuen gizonak, sinetsita apustulariak kutsatu zizkiela akainak bere bi idiei.


Gure gizonak bazekien akainen kontrako erremedioa: ikatz bat sutan gori-gori eta harekin igurtziz askatzen ziren akainak idi larrutik. Baina sekulako akain pila ziren haiek eta pazientzia guztia izanda ere, ez zuen lortuko lana onik burutzea. Gainera, onik burututa ere, gorputz osoa erreko zien idiei eta erremedioa gerta zitekeen gaitza bera baino okerrago.

2 Erantzun »

The URI to TrackBack this entry is: http://borborka.blogsome.com/2007/12/30/galtxagorriak-ii/trackback/

  1. hemen bigarren zatia…

    baina hurrengo urtera arte itxaron beharko duzue hirugarren partea irakurri ahal izateko…

    Comment by Itziar — December 30, 2007 @ 11:19 pm

  2. http://eu.wikipedia.org/wiki/Galtxagorri
    Oin internazionalak ta dana dia :)

    Comment by jong — December 31, 2007 @ 4:06 pm

RSS feed for comments on this post.

Erantzuna utzi

Line and paragraph breaks automatic, e-mail address never displayed, HTML allowed: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>



Anti-spam measure: please retype the above text into the box provided.


Anti-spam measure: please retype the above text into the box provided.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Helga Cleve