January 31, 2008

Imajinatzen?

Atzo jaso nuen notizia eta oraindik txunditurik nago. Eskerrak otsailaren 5ean gertatuko dena, komunikabideetatik zabaldu duten, eta eguna iristerako Euskal Herri osoa prest egongo den. Ziur badakizuela zertaz ari naizen..

Betiko gaia da. ‘Imajinatzen’ Goenkale gabeko etb? edo Maria Luisa gabeko Goenkale?

Badirudi igande arratsaldeetan Goenkaleri buruz egiten ditugun komentarioak gidoigileetara iritsi direla! Komunikabideek argi azaldu dute, hil egingo da. Hileta jendetsua izango da, Arraldekoak minduta geldituko dira, eta herentziarekin arazoak sortuko dira…

Baina, benetan: imajinatzen Maria Luisa gabeko Goenkale? 

January 2, 2008

10 kanpaikadak

Abenduaren 31a iritsi zen, eta nola ez, 12 mahats ale platerean jarri eta denok kanpaikaden zain egoten gara. Ez dakit beste etxeetan nola izaten den, baina nirean bata besteari begira egoten gara, tranpa nork egingo duen begiratzeko (aurtengoan amona izan da tranpa gehiena egin duena…).

Telebista katea aukeratzerako orduan eztabaida gutxi izaten dugu aspaldian. Nahiz eta etxean egoten garen guztiok euskara ez ulertu, etb1 ikusteko ohitura hartu dugu. 

Dena primeran zihoan. Dagoeneko txanpain botila irekita geneukan, kopak prest, mahatsak ere bai (amonak dagoeneko 8 besterik ez zeuzkan), eta denok telebistari begira. Han azaldu ziren Alkain eta konpainia, eta San Mameseko irudiak, aurrez grabatutako programa atsegin bat… eta San Mames osoa "kuentratrasa"rekin ari zen, eta etxean ere halaxe ari ginen… 

Bat-batean, "kuentratrasa" zerora iritsi zenean, momentu batez telebistako pantaila beltza gelditu zen, eta ondoren etbko logoa azaldu zen, telebistako "mandoa" eskutan hartu eta derrepentean katez aldatu behar izan nuen… 10 mahats jan genituen kanpaikadekin batera….Etb ikusten jarraitu bagenu, 8 jango genituen. Hala esan zidaten behintzat.

Hitz batean "kagada", ezta???

Hurrengo urtean zenbat mahats jango ote ditugu…

Galtxagorriak (III)

Atala: Ipuinak

Galtxagorriekin gogoratu zen gure gizona. Hartu zuen zaldia, egin zuen, gau eta egun, Baionarainoko bidaia, eta erosi zuen berriro orraztegia.

Herrira heldu zenean, apustu ordua zen. Galtxagorriek ez zuten idiei akainak askatzeko betarik. Gainera, askatuta ere, idiek ahul segituko zuten.

Jendeak ez zeukan beste berriketarik:

- Begira idi horiei. Flakiak jota zeudek-eta!

- Ez diate atarramendu onik aterako!

- Utikan! Ez zegok kolorerik!

Epaileak hasiera eman zionean apustuari, gure gizonak idi baten adar zuloan gordetako orraztegia zabaldu zuen eta esan zien galtxagorriei:

- Gogoratzen al zarete nitaz?

-Horixe gogoratzen garela . Ea, gizona, zer egin behar dugu?

- Tira idietatik!

Eta bi galtxagorriek idi batetik, beste biek bigarrenetik tira eta tira, amen batean eraman zuten gurdia mendi gailurreraino. Kontrarioa, berriz, aldaparen hasieran zegoen artean eta, ikusi zuenean gure gizona mendi gailurrean, apustua galdutzat jo eta erretiratu egin zen.

Galtxagorriek esan zioten gure gizonari:

- Zer egin behar dugu orain?

Gure gizonak agindu zien akainak ken zitzaizkiela bi idiei.

Animaliak akainik gabe ziren handik oso gutxira.

- Eta zer egin behar dugu orain?

- Egizue eliza bat harri horiekin

- Aise beteko dugu lana.

Egin zuten galtxagorriek orain Santa Barbara deitzen diogun eliza eta galdetu zuten berriro:

- Eta zer egin behar dugu orain?

- Egizue su horko egur horiekin.

Egin zuten su.

- Bil ezazue zuhaitz horietako erretxina.

Bildu zuten erretxina.

- Egitzazue lau suziri.

Egin zituzten lau suziriak.

- Emaiozue orain su hor beheko itsas horri.

Galtxagorriak korrika bizian joan ziren itsasora beren suziriak hartuta eta itsasoari su ematen hasi orduko, suziriak itzali zitzaizkien. Egin zuten berriro ahalegina, baina alferrik. Etsita, esan zioten gure gizonari:

- Burutu ezin dugun zerbait bidali diguzu.

- Eta?

- Burutu ezin dugun lanarekin, erretiratu egiten gara.

- Ez al zoazte Baionara? -galdetu zien gure gizonak, ikusita ez zutela alde egiten lehendabiziko aldian bezala.

- Et,et,et! -esan zuen galtxagorrietako batek- Bi aldiz engainatzen gaituenak berarekin eduki behar gaitu, inor gure bila urrezko ontza ordainduz etorri arte. Baionako dendariak bi aldiz engainatu gintuen eta oso pozik dago orain gu gabe eta urrezko bi ontzen jabe gelditu delako.

- Beste erremediorik ez baldin badago…

Gure gizonak gorde zituen lau galtxagorriak orraztegian, baina urtetan ez zen inor azaldu haien eske.

Oso gaixo eta oso zahartuta zegoen, baina ez zen sekula hiltzen. Jendea harri-harri eginda zegoen, inork ez baitzuen gure gizona bezain pertsona zaharrik ezagutzen.

- Zenbat urte ditu? Ehun?

- Ehun bakarrik? Hanka bakoitzean ere badizkik horrek ehun urte…

Herriko erretorea ere harriturik zegoen eta bisitan joan zitzaion egun batez. Han zegoen gure gizona, zimeldua, zimurtua, konkortua eta gasta-gasta eginda, ohean. Urteak zeramatzan, ordea, horrela, eta hil zorian zirudien arren, ez zen sekula hiltzen.

Gure gizonak eztula egin zuen halako batez, bizkarra jasoz. Erretoreak zorro txiki bat ikusi zuen burusi pean.Erretoreak pentsatu zuen: ”Eta galtxagorriak baldin badauzka hor ?” Erretoreak bazekien galtxagorrien jabe zena ez zela sekula hiltzen, galtxagorrien jabetza galdu arte.

Poltsan galtxagorriak gordeta ote zeuzkan pentsatuta, inguratu zen eta, gure gizonaren oharkabean, poltsatxoa atera zuen burusipetik; zabaldu zuen poltsa, atera zuen orraztegia bertatik; zabaldu zuen orraztegia eta atera zituen lau galtxagorriak bertatik eta sutara bota zituen, ur bedeinkatuarekin busti eta esanez:

Kirieleison,

erre bitez lau gizon.

Sekulako txinpartak atera zituen tximiniako suak, azufrearen kiratsa zabaldu zen gela osora, sekulako irrintzi eta arrantzak entzun ziren, hark-eta piskanaka-piskanaka txinpartak, usaina eta orroak desegin ziren arte.

Orduan, gure gizonak azken arnasa hartu zuen, aitaren egin eta esanez:

Ave Maria,

ireki zeruko atia.

 






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Helga Cleve