January 2, 2008

Galtxagorriak (III)

Atala: Ipuinak

Galtxagorriekin gogoratu zen gure gizona. Hartu zuen zaldia, egin zuen, gau eta egun, Baionarainoko bidaia, eta erosi zuen berriro orraztegia.

Herrira heldu zenean, apustu ordua zen. Galtxagorriek ez zuten idiei akainak askatzeko betarik. Gainera, askatuta ere, idiek ahul segituko zuten.

Jendeak ez zeukan beste berriketarik:

- Begira idi horiei. Flakiak jota zeudek-eta!

- Ez diate atarramendu onik aterako!

- Utikan! Ez zegok kolorerik!

Epaileak hasiera eman zionean apustuari, gure gizonak idi baten adar zuloan gordetako orraztegia zabaldu zuen eta esan zien galtxagorriei:

- Gogoratzen al zarete nitaz?

-Horixe gogoratzen garela . Ea, gizona, zer egin behar dugu?

- Tira idietatik!

Eta bi galtxagorriek idi batetik, beste biek bigarrenetik tira eta tira, amen batean eraman zuten gurdia mendi gailurreraino. Kontrarioa, berriz, aldaparen hasieran zegoen artean eta, ikusi zuenean gure gizona mendi gailurrean, apustua galdutzat jo eta erretiratu egin zen.

Galtxagorriek esan zioten gure gizonari:

- Zer egin behar dugu orain?

Gure gizonak agindu zien akainak ken zitzaizkiela bi idiei.

Animaliak akainik gabe ziren handik oso gutxira.

- Eta zer egin behar dugu orain?

- Egizue eliza bat harri horiekin

- Aise beteko dugu lana.

Egin zuten galtxagorriek orain Santa Barbara deitzen diogun eliza eta galdetu zuten berriro:

- Eta zer egin behar dugu orain?

- Egizue su horko egur horiekin.

Egin zuten su.

- Bil ezazue zuhaitz horietako erretxina.

Bildu zuten erretxina.

- Egitzazue lau suziri.

Egin zituzten lau suziriak.

- Emaiozue orain su hor beheko itsas horri.

Galtxagorriak korrika bizian joan ziren itsasora beren suziriak hartuta eta itsasoari su ematen hasi orduko, suziriak itzali zitzaizkien. Egin zuten berriro ahalegina, baina alferrik. Etsita, esan zioten gure gizonari:

- Burutu ezin dugun zerbait bidali diguzu.

- Eta?

- Burutu ezin dugun lanarekin, erretiratu egiten gara.

- Ez al zoazte Baionara? -galdetu zien gure gizonak, ikusita ez zutela alde egiten lehendabiziko aldian bezala.

- Et,et,et! -esan zuen galtxagorrietako batek- Bi aldiz engainatzen gaituenak berarekin eduki behar gaitu, inor gure bila urrezko ontza ordainduz etorri arte. Baionako dendariak bi aldiz engainatu gintuen eta oso pozik dago orain gu gabe eta urrezko bi ontzen jabe gelditu delako.

- Beste erremediorik ez baldin badago…

Gure gizonak gorde zituen lau galtxagorriak orraztegian, baina urtetan ez zen inor azaldu haien eske.

Oso gaixo eta oso zahartuta zegoen, baina ez zen sekula hiltzen. Jendea harri-harri eginda zegoen, inork ez baitzuen gure gizona bezain pertsona zaharrik ezagutzen.

- Zenbat urte ditu? Ehun?

- Ehun bakarrik? Hanka bakoitzean ere badizkik horrek ehun urte…

Herriko erretorea ere harriturik zegoen eta bisitan joan zitzaion egun batez. Han zegoen gure gizona, zimeldua, zimurtua, konkortua eta gasta-gasta eginda, ohean. Urteak zeramatzan, ordea, horrela, eta hil zorian zirudien arren, ez zen sekula hiltzen.

Gure gizonak eztula egin zuen halako batez, bizkarra jasoz. Erretoreak zorro txiki bat ikusi zuen burusi pean.Erretoreak pentsatu zuen: ”Eta galtxagorriak baldin badauzka hor ?” Erretoreak bazekien galtxagorrien jabe zena ez zela sekula hiltzen, galtxagorrien jabetza galdu arte.

Poltsan galtxagorriak gordeta ote zeuzkan pentsatuta, inguratu zen eta, gure gizonaren oharkabean, poltsatxoa atera zuen burusipetik; zabaldu zuen poltsa, atera zuen orraztegia bertatik; zabaldu zuen orraztegia eta atera zituen lau galtxagorriak bertatik eta sutara bota zituen, ur bedeinkatuarekin busti eta esanez:

Kirieleison,

erre bitez lau gizon.

Sekulako txinpartak atera zituen tximiniako suak, azufrearen kiratsa zabaldu zen gela osora, sekulako irrintzi eta arrantzak entzun ziren, hark-eta piskanaka-piskanaka txinpartak, usaina eta orroak desegin ziren arte.

Orduan, gure gizonak azken arnasa hartu zuen, aitaren egin eta esanez:

Ave Maria,

ireki zeruko atia.

 

December 30, 2007

Galtxagorriak (II)

Atala: Ipuinak

Bueltatu zen gure gizona Zarautza eta galtxagorrien abileziak frogatzen hasi zen. Zabaldu zuen orraztegia eta lau gizon txiki-txiki irten ziren bertatik, galtza gorriz jantzita eta, atzera-aurrera urdurian, lanerako gogoa erakutsiz:


- Ea, gizona, zer egin behar dugu?


Hondartza erakutsi zien gure gizonak eta esan:


- Ea, zelaia nahi diat hor.


Galtxagorriek goldatu zuten hondartza, erein zuten bertan hazia, ureztatu zuten sail osoa behin eta berriro, eta laster hazi zen belarra gaur golf-a ezagutzen dugun inguruan.


Pozik zegoen gure gizona, pentsatuz: “Zelaia eder askoaren jabe egin nauk! ”

Gure gizona konturatzerako, galtxagorriek lana bukatua zuten eta lan gehiago eskatzen hasi ziren:


- Ea, gizona,zer egin behar dugu orain?


Ibaia ertzeko sasiak garbi zitzatela eta kainaberadia alda zezatela agindu zien.

Baita laster asko sasiak garbitu eta kainaberadia aldatu ere! Gure gizona gero eta gustorago zegoen: “Zelaian lekak aldatuko dizkiat eta, gora eta gora doazenean, kainaberez baliatuko nauk lekei zut-zutik eusteko! ”


Laster ziren galtxagorriak berriro gure gizonaren aurrean:


- Zer egin behar diagu orain?


Gure gizonak harriak pila zitzatela agindu zien, hormak jaso, teilatu egin, putzu bat zabaldu, itsasoko olatuek zekartzaten enborrak txikitu eta negurako egurra pilatu, pasadako usoak hil eta afaria prestatu, orbela bildu eta ohea egin…

Eguna bukatu orduko, gure gizona hazienda eder baten jabe zen.


- Ea, gizona, zer egin behar dugu orain? Zer egin behar dugu orain?


Gure gizonak, ordea, ez zekien zer eskatu, ez zekien zer agindu, ez zitzaion lan berririk bururatzen, eta bururatzen zitzaionean ere, berehala betetzen zuten galtxagorriek beren lana, eta han zeuzkan berriro sudurraren aurrez aurre, galdetuz:


- Ea, gizona, zer egin behar dugu orain? Zer egin behar dugu orain?


Halako batean, gizonari ez zitzaiola ezer berririk bururatzen ikusita, galtxagorriak gauza guztiak atzetik aurrera egiten hasi ziren: orbela sakabanatu eta ohea desegin zuten; plateretik uso hilak airera bota eta hegan jarri zituzten; egur puskak elkarrengana josiz enborrak osatu eta itsasora jaurti zituzten; putzua hondarrez bete zuten; teilatua desegin zuten; hormak birrindu zituzten eta harriak sakabanatu harraldean; kainaberak kendu eta sasia berritu; ereindako hazi guztia jaso eta hondartza lehen bezain basamortu utzi…


Gizonak, bere onetatik aterata, dei egin zien galtxagorriei:


-Et, Et, Ekar iezadazue itsasoko ura hemen!

Eta galbahe bana eman zien. Galtxagorriek ahalegin guztiak egin zituzten, baina galbahe-sareko zuloetatik isurtzen zitzaien ura eta, handik puskatera, ikusita lan hura ezin zutela burutu, esan zioten gure gizonari:


-Burutu ezin dugun zerbait bidali diguzu. Beraz, hemendik bagoaz.


Hori esanda, desagertu egin ziren eta gure gizonak pentsatu zuen hobe zela

bizitza osoa zorte txarrarekin pasatzea, beti aginduak eman jardutea baino.

Lasai gelditu zen, beraz, gure gizona.


Pasa ziren urteak, eta gure gizona, aberastu ez bazen ere, trankil bizi zen, ondasun gutxi batzurekin eta, batez ere, indartsu sona zuten bi idiren jabe.

Behin, auzoko gizon bat, idi pare eder baten jabea hura ere, erronkan etorri zitzaion:


- Harro habil hire idi pare eder hori bezalakorik ez dagoela esanez.


- Ez zegok, eta ezta egongo ere-erantzun zion gure gizonak, bazekien-eta bere idiak indartsuagoak zirela auzokoarenak baino.


- Egin dezagun apustu noren idiak diren indartsuenak…


- Nahi duanean eta nahi duan bezala.

 

- Harriz betetako gurdikada bana igo behar diagu Alla-Punta gaineko mendi tontorrera.


Urrezko bost ontzen apustua egin zuten. Gure gizonak ez zeuzkan urrezko bost ontza, pare bat baizik, baina seguru zegoen irabaziko zuela. Erabaki zituzten eguna eta ordua, erabaki zuten nork pisatuko zituen harriak bi gurdiek zama bera izan zezaten, eta apustu egunaren zain gelditu zen gure gizona, belar hoberenetik jana emanez bere idiei.


Goiz batez, ordea, ahul ikusi zituen bi idiak. Begiratu zien, aztertu zituen, eta, halako batean, ohartu zen gertatzen zitzaienaz: akainak zeuzkaten gorputz osoan, akainak bularrean, akainak zango eta zango-zuztarretan, idien odoletik zupa eta zupa. Akain haiek ahulduta eta erkinduta zeuzkaten idiak.


Bazekiat nor izan den! Baina ez zeukat frogarik…”, pentsatu zuen gizonak, sinetsita apustulariak kutsatu zizkiela akainak bere bi idiei.


Gure gizonak bazekien akainen kontrako erremedioa: ikatz bat sutan gori-gori eta harekin igurtziz askatzen ziren akainak idi larrutik. Baina sekulako akain pila ziren haiek eta pazientzia guztia izanda ere, ez zuen lortuko lana onik burutzea. Gainera, onik burututa ere, gorputz osoa erreko zien idiei eta erremedioa gerta zitekeen gaitza bera baino okerrago.

December 26, 2007

Galtxagorriak (I)

Atala: Ipuinak

Behin gosea bera baino gizon behartsuago bat bizi omen zen Zarautzen. Zortea ere ez zeukan handia bizitzan: mahastia jarri zuen behin Santa Barbarako maldetan, baina sekulako harria egin zuen mahatsa, lerden- lerdena eta biltzeko tenorean zegoena, hondatuz; erosi zuen txalupa bat, pintatu zuen gorriz, irten zen txibitara eta, gutxien espero zuenean, galarrenak hondoratu zion ontzia eta gure gizonak ozta-ozta lortu zuen, hondartzaraino igerian egin, eta onik libratzea:; inork ez zuen harekin ezkondu nahi, inor ez zen harekin irteten txikiteora, inork ez zion lanik eman nahi, denek aho batez esaten baitzuten:

- Gizon horrekin,gureak egin dik!

Gure gizonak ez zekien zer egin. Etsi-etsita zegoen, bakarrik, goseak jota eta lanik gabe. Behin, atzera-aurrera zebilela zer egin behar ote zuen pentsatuz, Gurmendi baserriaren inguruko txabola baten atari parera heldu zen. Eguerdi eguzkitsua zen arren, saguzar bat zegoen ate aurreko makila batetik zintzilik.

Amak txikitan esaten zionaz oroitu zen gure gizona:

- Kontuz, gero, sorginekin!

- Eta nola konturatuko naiz nor den sorgina?

- Haren etxeko atean beti ikusiko dut saguzarren bat ohizko usoen edo

oiloen ordez.

- Eta zer kalte egiten dute sorginek?

- Kalte… Kalte… Engainatu egiten haute horiek. Hasieran ondo portatzen

dituk baina gero…

Gure gizonak pentsatu zuen bere kabutarako: “Etxe horretako sorgina hasieran ondo portatzen bada, zer axola niri gero zer gertatuko zaidan? Nik ez dut sekula izan hasiera onik; hasiera eta akabera, denak izan ditut nik txarrak. Proba dezadan, bada, hasiera oneko zerbait.”

Eta atean jo zuen oldartsu.

Atso zahar bat irten zitzaion atera, atariko saguzarra bera baino zimurragoa.

- Hauek al dira orduak?

- Barkatu, baina, zera eskatu nahi nizun…

Gure gizonak bere kezkak azaldu zizkion. Triste bizi zela eta zer egin behar ote zuen zorte txarra aldatzeko.

Sorginak esan zion:

- Zoaz Baionara. Han, denda oso berezi batean, eska ezazu orraztegi bat, lau galtxagorri dituena. Horrek bizitza aldatuko dizu.

- Nola jakingo dut zein den nik behar dudan denda?

Sorginak bere azazkal luze-luzeko hatzarekin saguzarra seinalatu zuen:

- Ez da halako asko ibiliko Baionako denda aurretan.

Joan zen bada gure gizona Baionara, ibili zen kaleetan atzera eta aurrera dendaren bila, eta etsita zegoenean Baionan ez zegoela sorginak esan bezalako dendarik, jo zuten eguerdiko hamabiak katedraleko kanpandorrean eta, kanpai hotsak esnatuta edo, irten zen saguzar bat, kurrixka bizian, hormako zulo zaharreko denda zahar-zahar baten aurreraino heldu zen. Han zegoen saguzarra, ateko txilinetik zintzilik.

Txilina jo, ez jo egon zen gure gizona, ez baitzuen saguzarra esnatu nahi. Jo zuen, bada, klas-klas ateko kristalean, jo zuen kas-kas atean, baina inork erantzuten ez zionez, tira zion txirrinaren sokari eta txirrinak dilin-dalin egin beharrean, saguzarrak kratak-kartak egin zuen. Eta lo segitu zuen.

Oso denbora gutxira dendari konkortu bat agertu zen atean, betaurrekoak sudur-zubiraino jaitsiak zituena eta gorputz osoa makulu baten laguntzara alderatuta.

- Hauek al dira orduak?

- Barkatu,baina, zera eskatu nahi nizun…

- Tira, mugitu zaitez!

Gure gizonak orraztegi bat eskatu zion eta, gizonak erakutsi zizkion guztien artean, lau galtxagorri zituen bat gustatu zitzaion gehiena.

- Urrezko dukat bat kostatuko zaik. Ba al daukak urrezko dukatik?

Gizonak urrezko dukat bat luzatu zion, bere etxea salduz lortua.

Dendariak orraztegi bat eman zion, esanez:

- Lanean eta lanean eduki behar dituk galtxagorriak.

Ez daitezela sekula gelditu. Bestela, gorriak eta bi ikusi beharko dituk…

December 1, 2007

Margaritatxo berekoia

Atala: Ipuinak

"Margarita bat naiz, belazeko margaritatxoa", -pentsatzen zuen loreak -. "Beste guztien artean ezin dut nire edertasuna nabarmendu".

 

Aingeru batek, margaritatxoaren handiustea entzunik, honela esan zion:

- Zu oso ederra zara baina!

- A! bai baina, bakarra izatea nahiko nuke!

 

Aingeruak, hainbeste kexez gogaituta, hiri bateko enparantza zabalera eraman zuen.

Handik gutxira, alkatea hurbildu zen bertara lorezain batekin, toki haiek eraberritzeko eta txukuntzeko asmotan.

- Eeee! Itxaron pixka bat! -oihukatu zuen margaritatxoak -. Ni akabatzea pentsatzen duzue ala?

- Zu bezalako gehiago baleude sikiera, apainketa polita egin genezake -erantzun zion alkateak -. Baina ezinzekoa da inguru hauetan margaritarik aurkitzea, eta zeuk bakarrik ezin lorategia jantzi.

 

Eta hara! orduan bertan atera zuten lurretik margaritatxoa… 

______________________________________________________

Arantzazuko amaren egutekitik ateratako istorioa. 

zer pentsatua ematen du, ezta? 

March 12, 2007

Jorge

Atala: Ipuinak

Ziur batek baino gehiagok ezagutuko duela Jorge Bucay. Mediku izateaz gain idazle ere bada, eta bada denbora bere ‘cuentos para pensar’ liburua eskuratu nuela. Ipuin motzez osatutako liburua. Tarteka irakurtzeko horietakoa, eta ipuinak behin baino gehiagotan irakurtzeko gogoa ematen duen horietakoa.

Gaurkoa, bertan agertzen den ipuintxo bat nahi dut jarri zuentzat. Betiko ipuin bat dirudi: printzesa bat, gizon itxusi bat… (Shrek bezala…jajaja)

Hona hemen ipuina. Zer pentsatua ematen du.

ILUSIÓN

‘Había una vez un campesino gordo y feo

que se había enamorado (¿cómo no?) 

de una princesa hermosa y rubia…

Un día, la princesa -vaya usted a saber por qué-

dio un beso al feo y gordo campesino…

y, mágicamente, éste se transformó

en un esbelto y apuesto príncipe.

(por lo menos, así lo veía ella…) 

(por lo menos, así se sentía él) ‘ 

November 20, 2006

Ateko hiltzeak

Atala: Ipuinak

    Aurrekoan nere gaztetxoei irakurri nien ipuin bat. Zer pentsatua ematen duen horietako bat.

—————————————————————————

    Bazen behin umore txarreko haur bat, edozein huskeriren aurrean bere petralkeria azaltzen duen horietako bat.

    Aitak, semearen jarrera ikusteaz nazkatuta, iltze sorta bat eman zion semeari, eta lagunen bati petralkeriaren batekin erantzuten zion bakoitzean, atearen atzekaldean iltze bat sartzeko esan zion.

    Lehenengo egunean 37 iltze sartu zituen atearen ostean.

    Egunetik egunera, atean sartzen zituen iltze kopurua jeisten joan zen, bere petralkeria kontrolatzen ikasten ari zen… eta iltzerik sartzeko premiarik izan ez zuen eguna iritsi zen. Aitarengana joan zen ziztu bizian, eta honek, erantzun txarrik ez ematea lortzen zuen bakoitzean iltze bat kentzeko esan zion, eta hala egin zuen.

    Egunak pasa ziren, eta ate atzean zeuden iltze guztiak kentzea lortu zuen. Aitari albiste pozgarria eman zion.

    Orduan, aitak semeari eskutik heldu eta atearen atzekaldera eraman zuen. Eta begietara begiratuz hau esan zion:

   - Maitea, ongi egin duzu. Baina begiratu atea. Ezta inoiz betikoa izango, zuloz josita dago. Hau bera gertatzen da erantzun txar bat botatzen duzun bakoitzean, horrelako zauriak uzten dituzu. Ziur pertsona bati labana bat sartzen badiozu, barkamena eskatzeak ez duela zauria sendatuko. Kontuan hartu hitzez egiten diren zauriak, bestelako zauriak bezain mingarriak direla. Eta mingarriagoak direla lagunengan. Zaindu lagun bezala dituzun altxorrak, barre eragiten dizutenak, aurrera jarraitzeko indarra ematen dizutenak, entzuten dizutenak, zurekin guztia elkarbanatzen dutenak, eta bihotza irekitzen dizutenak. Joan, eta erakutsi zure lagunei, zenbat maite dituzun.

 






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Helga Cleve